Hiriko eta hiriaren inguruko nekazaritza Europar Batasunean
Europako Parlamentuko AGRI Nekazaritzaren eta Landa Garapenaren Batzordeak argitara eman du hiriko eta hiriaren inguruko nekazaritzari buruzko azterlana.
Azterlanean, oro har azaltzen da zertan den hiriko eta hiriaren inguruko nekazaritza (UPUA, ingelesezko laburduran) Europar Batasunean. Horrekin batera, UPUArekin lotutako egitasmoak, motibazioak, ezaugarriak, onurak eta mugak aurkezten dira.
UPUAri esker, bistan denez, elikagai freskoak eta osasungarriak izan ditzakegu eskura. Horrez gain, onura eta aukera hauek ematen ditu nagusiki:
Ingurumenarekin lotutakoak
- Paisaien heterogeneotasuna kontserbatzen du.
- Bioaniztasunerako habitat-zatiak sortzen ditu.
- Lurzoruen degradazioa prebenitzen du.
- Klima-aldaketa egokitzeko eta arintzeko irtenbidea ematen du, naturan oinarrituta.
- Lurzoruak iragazteko eta drainatzeko modua ematen duten gainazalak kontserbatzen ditu eta hiriko bero-uhartearen efektua murrizten du, ebapotranspirazioaren areagotzeak eragiten duen hautsa harrapatuz.
- Eskala handiagoan, hiri-inguruneek buffer-ak (tanpoi-guneak) sortzen dituzte hirien inguruan, eta airea irazi eta hozten dute.
- Tokiko edo gertuko ekoizpenak murriztu egiten du distantzia luzeko garraioaren beharra, eta, horren ondorioz, emisio gutxiago egiten dira eta energia gutxiago behar da produktu galkorrak hozteko.
- Hiriko eta hiriaren inguruko nekazaritza-guneak sortuz, berriz erabil daitezke hondakin organikoak, baita hiri-saneamenduko ura ere.
Sozialak
Onura sozial ugari ematen ditu; besteak beste, aisialdirako espazioak, interakzio sozialerako espazioak, hezkuntza-espazioak eta gizarteratzeko espazioak sortzen dituzte. Bereziki, hiri-nekazaritzak mesede egiten dio giza osasunari, jarduera fisikorako guneak sortzen baititu (gimnasio berdea).
- Nekazaritza hirietara ekartzeak bide eman dezake kontsumitzaileak eta ekoizleak atzera harremanetan jartzeko eta solidaritatean oinarritutako harremanak sortzeko.
- Ikuspuntu ekonomikotik, modua ematen du tokiko produktuen eskariak inguruotarako diru-sarrerak eta lan-aukerak sor ditzan.
UPUAren bidez, ekonomia zirkularraren kontzeptua inplementa daiteke, eta hondakin organikoen, uraren eta nutrienteen zikloa itxi. Izan ere, frogatuta dago nekazaritza ekologikoa efizientziaren eta garapen iraunkorraren iturria dela.
Hiriak eta hiriaren inguruneak funtsezko zeregina izan dezake (eta izan behar du) hiriaren eta landaren arteko harremanean, baina oztopoak daude horretarako, plangintza eta koordinazioa falta delako, udal-eskumenik ez dagoelako eta helburuekin lotutako gatazkak daudelako.
Estrategia komunitario bat garatzeko, beharrezkoa da eztabaida politikoa egitea eta hiru arlo hauek aintzat hartzea: lurraldearen integrazioa, sektorearen integrazioa eta gizarteko eskarien integrazioa.
Azterlanean, adibide praktikoen bidez, erakusten da beharrezkoa dela UPUA hobeto integratzea gobernuko askotariko sektore, arlo eta mailetako agenda politikoetan.