INTIAk koordinatzen duen eta NEIKERen parte-hartzea duen AGROgestor proiektuak jardunbide egokien beste gidaliburu bat argitaratu du, oraingoan nitratoekiko zaurgarriak diren eremuetan kokatuta dauden laborantza-lurrei buruzkoa.

AGROgestor proiektuaren xede nagusia da ureztapen bidezko nekazaritzak ingurumenean duen eragina murriztea. Horretarako, tresnak eta jardunbide egokiak prestatzen ditu, kudeaketa kolektibo eraginkorra eta ingurumenari dagokionez jasangarria ahalbidetzeko. Hori guztia ingurumenarekin zerikusia duten bi helburu nagusi lortzeko: ura eraginkortasunez erabiltzea eta ur-masen kalitatea hobetzea.

Hori horrela, proiektuaren helburu nagusietako bat nekazaritza-sistemen kudeaketa jasangarria ahalbidetuko duten tresnak garatzea denez, duela gutxi tresna informatiko berri bat jarri dute abian, baita jardunbide egokien gidaliburu bat ere, eremu zaurgarri horien kudeaketan laguntzeko asmoz.

Jardunbide egokien gidaliburuak ongarritze-lanetan kontuan izan behar diren 11 gako biltzen ditu:

  1. Lurraldeko erregulazioa eta baldintzak betetzea.
  2. Ongarritze nitrogenatuaren beharrak ezagutzea.
  3. Lurraren egoera hobetzea, zaintza integratuko jardunbideen bidez.
  4. Lurrak egiten duen N, P eta Kren ekarpena balioestea.
  5. Ongarritze eraginkor eta jasangarria: Nren galerak saihestea.
  6. Ekarpen organikoak kudeatzea.
  7. Partzelako Nren balantzearen eredua: FaST ongarritzea.
  8. Ureztapena kontrolatzea, nitratoak lixibiatzeko arriskua murrizteko.
  9. Laboreak monitorizatzeko zerbitzuak erabiltzea.
  10. Arlo teknikoko, ekonomikoko eta ingurumeneko aholkularitza-zerbitzuak.
  11. Adierazleen bidezko ingurumen-programa baten ebaluazioa egitea.

Tresna berri hori lehendik erabilgarri zegoen AGROasesor tresnarekin interkonektatuta dago. Azken horrek GIS teknologiak erabiltzen ditu nekazaritzako lursailen kudeaketa integrala egiteko, eta web bidezko laguntza-tresnak eta trazabilitate geoerreferentziatua eskaintzen ditu.