Europako herritarren % 76k uste dute NPBak ez diola soilik nekazaritzari mesede egiten, baizik eta Europa osoari
2020ko abuztutik irailera bitartean eginiko Eurobarometroaren emaitzek (27.200 erantzun baino gehiago aztertu dira) honako datu interesgarri hauek eman dituzte, gaiaren araberako 4 bloketan banatu ditugunak:
1. Elikagaien Segurtasuna + eskuragarritasuna, eta elikagaien kalitatea
Europako herritarrek modu positiboan baloratzen dituzte komertzializazioaren ziklo laburrak: inkestatuen % 87k uste dute faktore garrantzitsua dela elikagaiak eskuratzeko orduan.
Halaber, garrantzitsutzat jotzen dute elikagaiak tradizioa errespetatuz ekoiztea (% 87), eta ezagutzen duten eremu geografiko batetik etortzea (% 81).
% 81entzat garrantzitsua da elikagaiek kalitate-bermearen etiketa bat izatea; hala ere, EBko kalitate-etiketei buruzko ezagutza-maila nahiko baxua da (% 14-20).
2. Sektorea babestea
% 90ek uste dute lehentasun garrantzitsua dela nekazarien kokalekua indartzea elikagaien hornidura-katean, eta % 70ek uste dute NPBak helburu hori sustatu egiten duela.
Gutxi gorabehera, inkestatuen erdiak (% 51) uste dute nekazarientzako bizi-maila justua bermatzeak izan behar lukeela NPBaren lehentasun nagusia.
Ia erdiak (% 47) adierazi du nekazariei ematen zaien errentarako laguntzaren maila justua dela, baina herritarren kopuru handiago batek uste du maila hori baxuegia dela (% 39; 2017an % 26).
Gero eta herritar gehiagok uste dute nekazarien errentarako laguntza areagotu egin beharko litzatekeela datozen hamar urteetan (% 56); % 12ko areagotzea 2017ko emaitzekin alderatuta, eta % 27koa 2007koekin alderatuz gero.
3. Nekazaritza eta klima-aldaketa
Herritar gehienak (% 69) ados daude EBko nekazariek beren lan egiteko modua aldatu behar dutela adieraztean, klima-aldaketaren alde borrokatzeko, baita horrek Europako nekazaritzaren lehiakortasunari eragiten badio ere.
Hala ere, % 66 prest daude % 10 gehiago ordaintzera nekazaritza-produktuengatik horrek laguntzen badu haien karbono-aztarna murrizten.
Gutxi gorabehera, hamar inkestatutik zazpik uste dute NPBak mesede egiten diola baliabide naturalen kudeaketa iraunkorrari (% 70) eta klima-aldaketaren aurkako borrokari (% 69).
4. Landa-eremuen etorkizuna
- % 86k uste dute gazteak animatu behar direla nekazaritza-sektorean sartzeko, helburu garrantzitsu gisa.
- % 86k aitortzen dute garrantzitsua dela nekazaritzaren eta elikagaien sektorean inbertsioa, hazkuntza eta lan-aukerak sustatzea.
- % 83k helburu garrantzitsutzat jo dute EB osoan lurralde-garapen orekatua lortzea.
- % 80k nabarmendu dute garrantzitsua dela ikerketak eta soluzio digitalak garatzea nekazaritzaren eta elikagaien sektorea babesteko.
2017. urtearekin alderatuta, ehuneko 5 puntu hobetu da, gutxienez, NPBak arlo guztietan gauzatzen duen lanaren pertzepzioa (elikagaien segurtasuna, elikagaien kalitatea eta iraunkortasuna).