Klima-aldaketaren efektuen arriskua elikagaietan dauden mikotoxinei dagokienez
Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziako (AESAN) Batzorde Zientifikoak txosten zientifiko bat argitaratu du klima-aldaketaren efektuek elikagaietan dauden mikotoxinengan izan dezaketen eraginari buruz.
Azken bi hamarkadetan, agerian geratu da elikagaietan dauden mikotoxinen prebalentzian dagoen goranzko joera. Joera hori, besteak beste, klima-aldaketaren ondorio izan daiteke. Hala ere, ezin dugu bazter utzi monitorizazio-sistemen orokortzea eta analisi-teknika aurreratuen agerpena, horiek ere goranzko joera horri eragin baitiote.
Europako hegoaldean areagotze argia espero da aflatoxinen intzidentzian artoari dagokionez, tradizioz klima tropikalei lotuta zeudenak, baita zereal horretako fumonisinen arazoa okertzea ere.
Arriskuaren identifikazioa
Identifikatutako lehenengo mikotoxina aflatoxina (AF) izan zen, 1961ean. Ordutik hona 400 bat mikotoxina ezagutu ditugu. Aspergillus, Fusarium eta Penicillium espezieak dira mikotoxina-sortzaile garrantzitsuenak. Honako hauek dira egungo mikotoxina garrantzitsuenak: AFak, DONa, T-2 eta HT-2 toxinak, ZENa, FBak, OTA, Ergot alkaloideak, PATa eta zitrinina.
Horri lotuta, mikotoxinak pilatzeko joera handiena duten elikagaiak zerealak (artoa barne), fruitu lehorrak eta horien azpiproduktuak eta fruta deshidratatuak dira. Mikotoxinak modu horretan iristen badira azken kontsumitzailearengana, eta intoxikazioa gertatzen bada, mikotoxikosi primarioa gertatu dela esaten da. Eta mikotoxikosi sekundario deitzen zaio, berriz, mikotoxinekiko esposizioagatiko intoxikazioa gertatzen denean animalia-jatorriko produktuak (esnekiak edo haragia) hartzearen bidez, bioeraldaketa-prozesuen ondoren, animaliak kontaminatutako pentsuez elikatu badira.
Osasunerako arriskuak
Elikagaien bidezko mikotoxinekiko esposizio akutu edo kronikoaren ondorioz, askotariko efektu toxikoak eragin daitezke giza osasunean zein animalien osasunean. Efektu horiek honako hauek eragin ditzakete: neurotoxikotasuna, gibeleko toxikotasuna, biriketako toxikotasuna, giltzurrunetako toxikotasuna, hematologikoa, immunitate-sistemaren gainekoa, digestio-hodiaren gainekoa edo guruin endokrinoen gainekoa.
Mikotoxinaren beraren dosiaz gain, eragindako efektu biologikoak beste faktore batzuen menpekoak dira, hala nola bakoitzaren sentikortasuna, adina, nutrizio-egoera eta osasun basala eta hesteetako funtzio normala izatea. Azken faktore horrek interes berezia du; izan ere, elikagaiak kontamina ditzaketen mikotoxinak kontaktuan egongo dira lehendabizi traktu gastrointestinalarekin.
Ebidentzia zientifiko batzuen arabera, mikrobiota mikotoxina batzuk degradatzeko gai izango litzateke, bereziki trikotezenoak eta OTA, ostalariak mikrobiota orekatua baldin badu.
Aintzat hartu behar da, halaber, oso zaila dela elikagaietan aldi berean dauden mikotoxina ezberdinen konkurrentziaren efektu toxikoak baloratzea, baita beste agente toxiko batzuekiko sinergia ere (adibidez, disruptore endokrinoak).
Landan mikotoxinak sortzearen gaineko eragina duten faktoreak
Mikotoxinen sorrera, batik bat, horiek sortzen dituzten lizunen ekofisiologiaren menpekoa da. Hori horrela, honako hauek dira lizun toxigenikoen inbasioen eta laboreetan mikotoxinak pilatzearen faktore erabakigarriak: ekosistema bera eta, bereziki, giro-hezetasuna eta -tenperatura, prezipitazioak eta intsektuen presentzia. Faktore horiek zuzenean daude lotuta klima-aldaketarekin eta tenperatura- eta prezipitazio-aldakuntzarekin.
Udako batezbesteko eta gehieneko tenperatura altuek ondorio negatiboak izan ditzakete Fusarium spp-aren intzidentzian, eta lehorte-aldiak ere lotuta daude lizun toxigenikoen hazkuntzarekin, horien esporulazioa sustatzen baitute eta, ondorioz, baita horien dispertsioa ere. Horien garapena bultzatzen dute, halaber, kolonizatzen dituzten landareek sufritzen duten estresak eta patogenoen aurreko landareen immunitate naturalaren murrizpenak. Gainera, lehorte-baldintzen eraginez, pistatxo eta kakahueteen oskolak pitzatu egiten dira, eta horren ondorioz, A. flavus-aren intzidentzia handiagoa izaten da, eta, beraz, AFengatiko kontaminazioa ere bai.
Beste alde batetik, uholde-euriteek —zerealen loraldian zehar gertatzen direnak— zerealetan Fusarium-a sortzea eragin dezakete.
Fruitu lehorrak, lekak eta buruxkak jaten dituzten intsektu eta beste artropodoek ere onddo toxigenikoak agertzea errazten dute. Intsektuak ektotermikoak direnez, giro-tenperatura igotzeak zuzenean eragiten du euren tasa metabolikoetan, garapen-tasetan eta jarduera-pautatan. Faktore horiek guztiek eragin lezakete intsektuen zifrak areagotzea, laboreetako kalteak areagotzea, onddoengatiko kontaminazioaren intzidentzia handiagoa izatea eta, ondorioz, mikotoxina-maila handiagoak egotea ere.
Ondo espezie toxigenikoen banaketa geografikoa klima-aldaketaren ondorioz
Lizun toxigenikoen egungo mundu-mailako banaketa eremu bakoitzeko klima-baldintzen araberakoa da. Eremu tropikal eta subtropikaletako lizun aflatoxigenikoen areagotzea erregistratu da klima epelekoak ziren eta azken urteetan klima beroagoetara aldatzen joan diren zerealetan, eta horrek aflatoxinengatiko arazoa sortu du eremu horietan.Hal Halaber, badirudi joera hori, zeharka, M1 aflatoxinagatiko esnearen kontaminazio-kasuen areagotzea eragiten ari dela.
Fusarium toxinen kasuan konplexuagoa da, baina badirudi Fusarium espezieen banaketa geografikoa badagoela; izan ere, hauen intzidentzia hazkorra erregistratu da zenbait eremu geografikotan: F. graminearum (Zearalenona eta Deoxinivalenolaren sortzailea), F. poae eta F. langsethiae (T2 eta HT2 toxinen sortzaileak, besteak beste), eta F. avenaceum (garrantzi toxikologiko txikiagoko mikotoxinen sortzailea).
Horrez gain, fumonisinengatiko arriskua areagotu liteke artoa ekoizten den eremuetan, lehorte-aldiei lotuta, eta fumonisinen espezie sortzaileak latitude altuagoko eremuetara ere lekualdatu litezke. Horrek guztiak ez du nahitaez esan nahi aldakuntza global nabarmena dagoenik mikotoxina horien intzidentzian klima-aldaketaren ondorioz, baina tokian tokiko aldakuntzak gerta litezke.
Arintze-estrategiak
Mikotoxinen presentziagatiko arazo gero eta handiago hori arintzeko hainbat estrategia daude:
• Landetan prebentziozko nekazaritza-jardunbideak aplikatzea, mikotoxinekiko erresistenteak diren landare-barietateak jartzea barne.
• Zerealen uzta biltzean eta horiek biltegiratzean jardunbide egokiak aplikatzea, hezetasuna kontrolatzea eta fungistatikoak erabiltzea barne, landan sortutako mikotoxinez gain, gerora gehiago sortzea ekiditeko.
• Deskontaminazio fisiko, kimiko eta biologikoko prozesuak. Metodo fisikoen barruan daude garbiketa-prozesuak eta zerealen hautaketa; eta duela gutxi sortutako metodo biologikoei esker, mikroorganismoak edo entzimak erabil daitezke mikotoxinak degradatzeko.
• Mikotoxinek kontaminatutako zereal-loteen laginketa, analisia eta bazterketa.
Ondorioak
Klima-aldaketak eremu jakin batzuetako zenbait labore desagertzea ekarri dezake, horiek kolonizatzen dituzten onddoak desagerrarazita edo, besterik gabe, muturreko baldintzen ondorioz lizun toxigenikoek bizirauteko aukerarik ez izatea, baina laboreek, berriz, bai.
Txosten honetan ondorioztatzen da ahaleginak bateratu egin behar direla ez bakarrik mundu-mailako klima-aldaketaren aurka, baizik eta baita proiektu eta programa espezifikoak sustatu eta aplikatzeko ere, pentsu eta elikagaietako mikotoxinen presentziaren intzidentzia prebenitu eta arintzeko. Horretarako, sektore publiko zein pribatuaren parte-hartzea behar da, baita, noski, komunitate zientifikoarena, arriskuen kudeaketako arduradunena, ekoizleena eta kontsumitzaileena (komunikazio-estrategia egokien bidez) ere.