Produktu fitosanitarioak merkaturatu eta erabiltzeko kontrol-sistema egokia eta eraginkorra da. Kontrol-plan koordinatuak, prozedurei buruzko dokumentazioa, agintarien arteko komunikazioa, langileen prestakuntza eta aplikazio-neurriak egokiak dira, 2013ko martxoaren 6tik 13ra bitartean FVOk Espainian eginiko ikuskaritzaren emaitza-txostenaren arabera.

Gainera, adierazi da legez kanpoko edo faltsututako pestizidak kontrolatzeko lankidetza egokia dagoela eta Plagiziden erabilera iraunkorrari buruzko 2009/128/EB Zuzentaraua inplementatzeak kontrolak sendotzen dituela. Alabaina, merkatuko hainbat produktu fitosanitario berrikusteko prozesuan gertatutako atzerapenen ondorioz, produktu horiek ez dira baimendu legeria erkidean jasotako printzipio bateratuei jarraikiz.

Espainian hainbat plagizida-hondakin aztertu badira ere, plagiziden hondakinen kontrolak ez dira behar bezain eraginkorrak, laginen kontrol ofizialak egiteko laborategi gehienetan azterketa-ahalmenaren irismena mugatua delako; izan ere, eskura dauden baliabideak txarto banatuta eta koordinatuta daude, asko baitira hondakinak aztertzen dituzten laborategiak.

Txostenean emandako aholku nagusiak honako hauek dira:

1. Bermatzea, substantzia aktibo onetsiak dituzten produktu fitosanitarioak berraztertzen eta baimentzen direnean, substantzia horiek bat datozela printzipio bateratuekin, Batzordearen zuzentarauetan zehaztutako epeen baitan.

2. Bermatzea Murtziako ekoizleei egiten zaizkien ikuskatze-lanetan ez dagoela aldez aurreko ohartarazpenik, edo jakinarazpena 882/2004 Araudiko (EE) 3.2. artikuluari jarraikiz egiten dela.

3. Pestiziden hondakinak aztertzeko koordinazioa sendotzea eta laborategietako baliabideen erabilera efektiboa bermatzea, 882/2004 Araudiko (EE) 4.3. artikuluarekin bat.

4. Bermatzea laborategi guztiek betetzen dutela 882/2004 Araudiko (EE) 12. artikulua.

5. Azterketa-metodoen balioztatzeko ahalmena handitzea, EURLko jarrera-testetako substantziak eta pestiziden hondakinen kontrol-programak barne hartzeko, 396/2005 Araudiko (EE) 29. artikuluarekin bat.

6. Bermatzea autokontrolen fidagarritasuna aintzat hartzen dela ekoizleen kontrol ofizialetan, 882/2004 Araudiko (EE) 3 (1) artikuluko (c) atalarekin bat.

FVOren ikuskaritza: pestizidak Espainian
Espainiako agintariek FVOren aholkuei emandako erantzuna