EFSAk gida bat argitaratu du, erle, erlastar eta erle bakartientzako plagizidak erabiltzeak izan ditzakeen arriskuak ebaluatzeko. Aldez aurretik ezti-erleentzat eginiko arriskuen ebaluazio-sistemak ez zituen erabat kontuan hartu arrisku kronikoak, pestiziden aurreko esposizioaren errepikapena edo larbentzako egon daitezkeen arriskuak.

Bada, gida berriak hutsune horiek betetzen ditu, eta erlastar eta erle bakartientzako eskemak ere jasotzen ditu. Halaber, metodo berria proposatzen da, produktu fitosanitario batek erleen artean eragin dezakeen kaltea onargarria den ebaluatzeko. EFSAren gida-dokumentu honek aholkuak jasotzen ditu plagiziden ebaluazioan parte hartzen dutenentzat, industria eta agintari publikoak barne.

EFSAko adituek, bestalde, eredu bat sortu zuten, plagiziden dosi subletalen esposizioaren arriskua aztertzen duen arriskuen ebaluazio-sistema egiteko; baina, beharrezkoa da lanean jarraitzea. Izan ere, aldeak daude laborategiko proben eta erleen kolonia batean egiazki gertatzen denaren artean.

Beraz, arriskuak ebaluatzeko eskema hori osatzea lortu baino lehen, beharrezkoa da metodo bat diseinatzea, zehatz kuantifikatze aldera laborategi batean atzemandako ondorio subletalak egokiak diren erleen kolonietako egiazko bizimoduko ondorioei dagokienez.

Kezka orokorra dago munduko zenbait lekutan erleen kopurua murriztu egin delako. Uste da hainbat faktorek dutela eragina murrizte horretan, eta horien artean daude gaixotasunak, parasitoak, pestiziden erabilera, klima-aldaketa eta ingurumenari lotutako beste faktore batzuk; hala nola, genetikoki eraldatutako organismoek ekar ditzaketen ondorioak. Erleen kopurua murrizteak kezka eragiten du; izan ere, erleek (eta, bereziki, ezti-erleek) zeregin garrantzitsua dute hainbat uztaren eta basoko landareren polinizazioan.

Argitaratutako gidan jaso egiten dira, ezti-erleei dagokienez, babestu beharreko atributu guztiak. Harreman zuzena dute kolonien indarrarekin, hau da, erlauntz bateko kideen kopuruarekin. Ezti-erleentzako eskemak, beraz, iradokitzen du ez dela onargarria koloniaren tamaina % 7tik gora murriztea, edozein unetan, pestiziden aurreko esposizioaren ondorio gisa.

Erleak – Pestizidetatik babesteko gida