Produktu fitosanitarioak era seguruan erabiltzeko OSALANen gida
Duela gutxi OSALAnek gida berri bat argitaratu du beren osasuna babesteko edo beren prebentzio-funtzioa gauzatzeko behar duten aktoreentzako laguntza-tresna izateko xedearekin.
Gidaren hasieran, produktu fitosanitarioen sailkapenari buruzko printzipioak aipatzen dituen bloke bat dago. Besteak beste, aurkezpen-formak, materia aktiboak, ekintza-moduak, landarearen mugikortasuna eta jardute- edo iraute-denbora azaltzen dira bertan.
Bigarren blokean produktu fitosanitarioen erabilera jasangarrirako arauditik eratorritako betebeharrak eta betekizunak jasota daude, besteak beste, izurrien kudeaketa integratua, ROPO, ROMA, EAPF eta SIGFITO.
Gidako hirugarren bloke nagusian, produktu fitosanitarioen erabilera seguruan eragina duten alderdi guztiak azaltzen dira. Bi atal nagusi ditu; lehenengoan, produktuak erabili aurreko alderdiak lantzen dira: etiketa, segurtasun-datuen fitxa eta produktu fitosanitarioen erregistroak. Bigarren atala produktu fitosanitarioak erabiltzeari dagokio: arriskuak ebaluatzea eta baloratzea, prestakuntza eta informazioa, osasuna zaintzea, arriskuaren magnitudean eragiten duten faktoreak eta jarduteko ordenaren arabera arriskuak murrizteko neurri prebentiboak (erosketa, garraioa, prestakuntza eta nahasketa, aplikazioa, etab.)
Eranskinetan, produktu fitosanitarioekin ibiltzen diren agenteei zuzendutako hiru egiaztatze-zerrenda erabilgarri daude.
- Arriskuak ebaluatzeko egiaztatze-zerrenda.
- Kudeaketa prebentiboaren analisia eta nekazal ustiapenetan produktu fitosanitarioak era jasangarrian erabiltzeari buruzko 1311/2012 Errege Dekretua betetzen direla aztertzeko egiaztatze-zerrenda.
- Produktu fitosanitarioak saldu eta banatzen diren tokietan produktu fitosanitarioak era jasangarrian erabiltzeari buruzko 1311/2012 Errege Dekretua betetzen dela egiaztatzeko egiaztatze-zerrenda.