EFSAk berriki egindako ebaluazioaren arabera, klorpirifos intsektizidak ez ditu betetzen Europar Batasunean onartua izateko indarreko legeriak ezartzen dituen baldintzak.

Klorpirifosa intsektizida organofosforatua da, eta asko erabiltzen da nekazaritzako izurriak kontrolatzeko. Intsektizida horrek azetilkolinesterasa inhibitzen du eta intsektuak pozoitu egiten ditu, horien nerbio-sistema kolapsatuz. 2020ko ekainean amaitzen da intsektizida hori erabiltzeko baimenaren indarraldia. Hori dela eta, EFSAk klorpirifosaren eta metil klorpirifosaren ebaluazioa egin du.

Hauek dira ebaluazioaren ondorio nagusiak:

  • Oraindik ez dugu ziur ezagutzen klorpirifosaren potentzial genotoxikoa, baina aberrazio kromosomikoaren kasu positiboak identifikatu dira zeinbat azterketetan.
  • Garapenerako neurotoxikotasunarekin lotuta ikusi diren efektuek adierazten dute benetako arriskua dagoela.
  • Klorpirifosarekiko esposizioaren ebidentzia epidemiologikoek erakusten dute eragina duela haurren garapen neurologikoan.

Ezin izan da erreferentziazko baliorik ezarri kasu batean ere, klorpirifosaren potentzial genotoxikoa ez dugulako ondo ezagutzen eta neurogarapenerako toxikotasunaren azterketak zalantzagarriak direlako. Haurren garapen neurologikoarekin lotuta ikusi diren ebidentzia epidemiologikoek berretsi egiten dute klorpirifosen arriskuaren inguruan dagoen kezka.

Erreferentziazko balio toxikologikorik ez dugunez, ezin dugu ebaluatu kontsumitzaile, operadore, langile eta, oro har, herritarrentzat izan dezakeen arriskua. Hori da klorpirifosaren arriskuaren alderdirik kritikoena.

Gainera, agertu diren efektu toxikologikoek bete egiten dituzte klorpirifosa ugalketarako toxiko gisa sailkatzeko irizpideak, 1B kategorian (garapenerako toxikotasunari dagokionez).

«Azaldutako guztia oinarri hartuta, uste da ez direla betetzen giza osasunari aplikagarri zaizkion onarpen-irizpideak, bat etorriz 1107/2009 Erregelamenduaren (EE) 4. artikuluan ezarritakoarekin».