Produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketei buruzko Europako araudia
2009ko urtarrilaren 1az geroztik, 2007ko ekainaren 28ko 834/2007 (CE) Araudiak erregulatzen du Europar Batasuneko ekoizpen ekologikoa
2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, 2018/848 (UE) Araudi berria sartuko da indarrean, 2018ko ekainaren 14koa
Kontsumitzaileek gero eta gehiago eskatzen dituzte produktu ekologikoak, eta, horri esker, produktuon merkatua gehiago garatu eta hedatu ahal da. Era berean, azken urteetan, nekazaritza ekologikoaren sektorea bizkor batean garatu da Europar Batasunean, eta ez soilik erabilitako eremuari dagokionez, baizik eta baita erregistraturiko ustiategi eta operadore ekologikoen kopuruari dagokionez ere.
Hori ikusirik, 2014ko martxoan, Europako Batzordeak (EB) araudia erreformatzeko proposamena egin zuen. Hala, Batzordearen berrikuspenaren emaitzek erakutsi zuten ekoizpen ekologikoa arautzen duen Europar Batasuneko esparru juridikoa hobetu egin behar dela, kontsumitzaileen espektatiba handiei erantzungo dieten eta hartzaileentzat argiak izango diren arauak ezarriz.
Azkenik, negoziazio-prozesu ugariren ondoren, 2018ko ekainaren 14an Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/848 (UE) Araudia argitaratu zen, ekoizpen ekologikoari eta produktu ekologikoen etiketei buruzkoa, zeina 2021eko urtarrilaren 1ean sartuko baita indarrean.
Araudi horrek produktu ekologikoetarako esparru juridiko berri bat sortzen du. Hain zuzen, ekoizpen mota horri aplikatu behar zaizkion helburuak eta printzipioak finkatzen ditu, eta ekoizpenarekin, biltegiratzearekin, eraldaketarekin, garraioarekin, azken kontsumitzailearentzako salmenta eta hornidurarekin, etiketatzearekin, kontrolarekin eta hirugarren herrialdeekiko trukeekin lotutako arauak zehazten ditu.
Helburuak
Europar Batasuneko ekoizpen-eredua bateratzea eta sustatzea
EB osoko ekoizpen ekologikoa estaltzen zuten arauen desoreka zuzendu nahi da, praktika eta salbuespen desberdin ugari jasotzen baitzituzten. Arauok pixkanaka ezabatuz joango dira asko jota 2030era bitartean, ekoizpen-arauak sinplifikatu eta bateratze aldera.
Lehiakortasun leiala Europar Batasuneko produktuen eta hirugarren herrialdeetakoen artean
Gaur egungo “baliokidetasun-arauek” antzeko arauak betetzera behartzen dituzte EBtik kanpoko herrialdeak, baina ez arau berberak. Bada, arau horiek ez dira aplikatuko 2026tik aurrera, eta beraz, inportazioetan, ekoizpen ekologikoaren arloko estandar komunitarioak errespetatu beharko dira.
Iruzurrak saihestea eta kontsumitzaileen konfiantza areagotzea
Ekoizpen ekologikoak sinesgarritasuna bermatzen duten kalitatezko estandar batzuk dituela ziurtatzeko, kontrol-neurri zorrotzagoak hartuko dira hornidura-kate osoan, eta operadore guztiei arriskuetan oinarritutako kontrolak egingo zaizkie in situ, urtero; azken hiru urteetan irregulartasunik izan ez duten operadoreei, ordea, bi urtean behin egingo zaizkie kontrolak.
Hornidura-zirkuitu laburrak eta tokian tokiko ekoizpenak bultzatzea
Maila guztietan ingurumena errespetatuko duen eta kultura iraunkorraren erreferente izango den ekoizpen-sistema gisa, gertuko produktuen kontsumoa sustatu nahi da. Horretarako, txikizkako nekazariei ziurtagiriak lortzeko bide emango zaie, eta taldeko ziurtapenaren sistema bat inplementatuko da.
Berritasun nagusiak
Lurzoru bizia
Lurzorua zorupearekin eta harri amarekin kontaktuan egongo da, eta horixe izango da nekazaritza ekologikoan baimendutako ekoizpen-baliabide bakarra. Berariaz debekatuta egongo da hidroponia erabiltzea. Gainera, berotegietako ohe goratuen inguruko salbuespenak progresiboki ezabatuz joango dira, asko jota 2030era bitartean.
GEOak eta animalia klonatuak
Erradiazio ionizatzaileak, animalien klonazioa, artifizialki induzitutako animalia poliploideak eta genetikoki eraldatutako organismoak (GEO) berariaz debekatuta egongo dira ekoizpen ekologikorako teknika gisa. Izan ere, ez datoz bat ekoizpen ekologikoaren kontzeptuarekin eta kontsumitzaileek produktu ekologikoen gainean duten pertzepzioarekin.
Ugalketa-baliabideak: aldaera gehiago eta zailduagoak
Ekoizleen material begetal ekologikoaren beharrei erantzuteko, eta hobeto egokituta egongo den aniztasun genetiko bat sustatzeko, malguago jokatuko da material heterogeneo ekologikoa merkaturatzean, eta ez da beharrezkoa izango hasierako materialak, oinarrizko materialak eta ziurtagiriak erregistratzeko eskakizunak eta ziurtapen-kategoriak betetzea.
Era berean, ahalegina egin nahi da aniztasun genetiko handiko animalia-arrazak hauta daitezen, haien egokitzapena, ugaltze-balioa, bizitasuna, gaixotasunen kontrako erresistentzia eta longebitatea kontuan hartuz.
Operadoreei ugalketa-baliabide guztiak eskura jartzeko asmoz, hazi eta animalia ekologikoen datu-base bat sortuko da hurrengo urteetan.
Halaber, 2035ean amaituko dira ekoizpen ekologikoan hazi eta animalia konbentzionalak erabiltzea baimentzen duten salbuespenak.
Produktu berriak laborantza-ekoizpenean
Nekazaritza-produktuekin lotura estua duten laborantza-produktu berriak sartu dira:
- Giza eta animalia kontsumorako legamia.
- Belar matea, arto gozoa, mahatsondoko hostoak, palmondo nanoak, lupulu-kimuak eta horietatik lortutako landare eta produktuen antzeko jateko zatiak.
- Itsasoko gatza eta jateko eta pentsurako beste gatz batzuk.
- Harilketarako zeta-kapuluak.
- Goma eta erretxin naturalak.
- Erleen argizaria.
- Olio esentzialak.
- Kortxo naturalezko tapoiak, aglomeratu gabeak eta substantzia aglutinatzailerik gabeak.
- Kardatu eta orraztu gabeko kotoia.
- Kardatu eta orraztu gabeko artilea.
- Landu eta tratatu gabeko larrua.
- Landarez egindako prestakin begetal tradizionalak.
Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari aplikatzeko arau batzuk ere zabaldu dira, bereziki praktika, prozesu eta tratamendu enologikoei dagozkienak.
Baimendu gabeko produktuak
Nekazaritza ekologikoan erabiltzeko baimenik ez duten produktuekin edo substantziekin ez kutsatzeko, prebentzio-neurriak ezarri dira ekoizpen-fase bakoitzean. Baimendu gabeko substantziak detektatuz gero, produktua ezingo da ekologiko gisa merkaturatu kutsaduraren jatorria ikertu bitartean, eta, prebentzio-neurririk eta neurri zuzentzailerik hartu gabe baimendu gabeko produktuak nahita erabiliz gero, produktuak galdu egingo du bere estatus ekologikoa.
Elikagai ekologikoetan baimendu gabeko substantzientzako atalaseak dituzten estatu kideek atalase horiek aplikatzen jarraitu ahal izango dute, baina gainerako estatu kideen produktuei libreki zirkulatzen utzi beharko diete. Hala ere, konpromisoa hartu da baimendu gabeko produktuen eta substantzien presentziaren gaineko arau nazionalen ebaluazioari buruzko txosten bat aurkezteko 2025. urtea baino lehen, eta komunitate-irizpideak bateratzeko lege-proposamenak planteatu ahal izango dira.
Arau berriak animalien ekoizpenean
Baldintza orokor berri batzuk ezarri dira animalien osasunari, jatorriari, elikadurari eta ongizateari lotuta. Horrez gain, beste arau espezifiko batzuk sartu dira txerrien, behien, ardien, ahuntzen eta zaldien ekoizpenerako elikadura eta ongizatea ardatz dituztenak, eta erregelamendu berri bat sortu da honako hauetarako:
- Algak eta akuikulturako animaliak
- Erleak
- Untxiak
- Eskortako hegaztiak
- Zerbidoak
Ekologikoen kategoriatik kanpo gelditu dira animalia basatien ehizatik edo arrantzatik lortutako produktuak, ekoizpen-prozesua ezin baita osorik kontrolatu.
Kudeaketa zoosanitarioan bereziki azpimarratzen da profilaxiaren kontzeptua, honako hauetan oinarrituta: arrazak eta jatorriak, kalitatezko pentsuak, ariketa, dentsitateak, ostatu egokia eta higiene-baldintza onak. Bereziki debekatuta daude sintesi kimikoko medikamendu alopatikoen aplikazio prebentiboak eta antibiotikoak, baina onartuta daude albaitaritza-medikamendu immunologikoak.
Debekatuta dago animaliak lurrik gabe ekoiztea, edo nekazari batekin egindako lankidetza-hitzarmenik gabe.
Birmoldaketa sustatzeko ustiategi mistoak
Ustiategiak elikagai ekologikoak, ekologiko bihurtzeko bidean dauden elikagaiak edo elikagai ez-ekologikoak ekoizteko unitateetan banatu ahal izango dira, betiere jarduerak modu argi eta eraginkor batean banatuta baldin badaude.
Saltoki txikiak malgutzea
Txikizkako saltoki txikiek, salgai dituzten produktu ekologiko bakarrak ontziratutakoak baldin badira, ez dute jakinarazteko eta egiaztatzeko betebeharrik izango, baina ekoizpen ekologikoaren arauak eta etiketatzeko arauak betetzen dituztela egiaztatzeko kontrol ofizialak igaro beharko dituzte.
Era berean, ontziratu gabeko produktu ekologikoak saltzen dituzten txikizkako saltoki txikiek kontrol ofizialak igaro beharko dituzte, baina, produktu ekologikoen merkaturatzea errazteko, estatu kideek aukera izango dute saltoki horiek jarduera egiaztatzeko betebeharretik salbuesteko.
Neurri horien bitartez, banaketa-zirkuitu laburrak eta tokiko ekoizpenak sustatu nahi dira Europar Batasuneko lurraldeetan.
Etiketatzea
Produktuaren jatorri ekologikoa dela-eta kontsumitzaileek okerrik ez egiteko, ezingo da etiketa ekologikoa erabili produktuaren jatorri ekologikoko osagaien pisua % 95 baino txikiagoa bada.
Ekologiko, biologiko eta organiko izenak eta bio eta eko laburdurak erabili ahal izango dira ekoizpen ekologikoko produktuak izendatzeko.
Aldaketak egin ahal izango dira 2021ean argitaratu arte
Araudi honek ekoizpen ekologikorako oinarri berriak ezarri ditu jada, baina prozesu legegilea irekita egongo da araudia indarrean sartzen den arte, hau da, 2021eko urtarrilaren 1era arte. Bi urte eta erdi hauetan, ordezkaritza-ekintzak (Europako Batzordea) eta inplementazio-ekintzak (Europako Kontseilua) egingo dira.
- 2018ko uztailetik aurrera, ekoizpen-arauak jorratuko dira.
- 2019ko lehen hiruhilekoan, kontrolei buruzko baldintzak.
- 2019ko bigarren hiruhilekoan, etiketatzeari buruzko baldintzak.
- 2020ko lehen seihilekoan, hirugarren herrialdeen inportazioari eta merkaturatzeari buruzko baldintzak.