Europako Batzordeko Fitosanitario-Hondakinen Batzorde Iraunkorrak, 2018ko azaroaren 27an eginiko bileran, onetsi zuen kobre-konposatuen substantzia aktiboa berritzea 2025eko abenduaren 31ra arte, hau da, 7 urte gehiago 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera. Gaur egungo baimena 2019ko urtarrilaren 31n iraungitzen da.

2018ko abenduaren 13ko 2018/1981 (EB) Exekuzio Erregelamendua aplikatu beharko da. Horren bidez, berritu egiten dira kobre-konposatuen onespena ordezkatuak izateko substantzia aktibo kandidatu gisa, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1107/2009 (EE) Erregelamenduarekin bat (produktu fitosanitarioen merkaturatzeari buruzkoa), eta Batzordearen 540/2011 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren eranskina aldatzen da.

Kobrezko fungizidak

Kobre-konposatuak fungizida zaharrenetako bat dira, eta formulazio ezagunenetako bat Bordeleko salda da. Nekazaritzan erabili da 1880. urtetik Bordelen (Frantzia) asmatu zenetik, izenak adierazten duen bezalaxe. Izan ere, tokiko mahastizainen behar bati erantzuteko sortu zen, zehazki mahatsaren mildiuari aurre egiteko.

Ordutik aurrera, mahatsean mildiuari aurre egiteko tratamendu eraginkorrena da, baita baratze-produktu eta fruta askotan dauden askotariko onddo eta bakterioen aurka egiteko ere. Nekazaritza ekologikoan horren erabilerak garrantzi handia du, gaur egun ere onddo eta bakterioen aurkako defentsa-bitarteko hedatuena baita.

Ordezkatuak izateko kandidatuak

Kobre-konposatuak ordezkatuak izateko substantzia kandidatu gisa (CfS) sailkatzen dira, 1107/2009 (EE) Erregelamenduan (produktu fitosanitarioen merkaturatzeari buruzkoa) ezarritako PBT irizpideetako bi betetzen baitituzte. PBT gisa sailkatzen dira hiru irizpide hauek betetzen dituzten substantziak: iraunkorrak, biometagarriak eta toxikoak; adierazitako Erregelamenduaren II. Eranskinaren 3.7.2. puntuan ezarritakoaren arabera.

Konkretuki, kobre-konposatuak sustantzia iraunkorrak dira,  hauek lurrean duten erdibizitza 120 egun baino gehiagokoa delako. Era berean, toxikoak dira, ur-organismoen gainean duten epe luzeko efektu gabeko konzentrazioa 0.01 mg/l baino gutxiagokoa delako.

Adierazi behar da irizpideak erlatiboak direla tratamenduaren xede ez den lurzoruaren mikrobiologiarekiko; izan ere, ez da uste horien behar bezalako erabilerak pertsonen eta animalien osasunean kalterik eragiten duenik.

Dosia murriztea

Egun ditugun ezagutza zientifiko eta teknikoak aintzat hartuta, kobre-konposatuek lurzoruaren mikrobiotan duten eraginari buruz, bidezkotzat jotzen da zenbait baldintza eta mugaketa ezartzea baimena beste zazpi urtez berritzeko:

  • Erabilera mugatzea ha-ko 28 kg kobreko gehieneko aplikazio-tasara 7 urteko epean; hau da, 4 kg/ha/urte (orain arteko muga 6 kg/ha/urte zen). Mugaketaren helburua da lurzoruan izan daitekeen pilaketa eta tratamenduaren xede ez diren organismoen esposizioa murriztea, aintzat hartuta, aldi berean, Estatu kideetan aldizka izaten diren baldintza agroklimatikoak, onddoen aldeko presioa areagotzen dutenak.
  • Ebaluazio orokorrean, Estatu kideek arreta berezia eskaini beharko diete alderdi hauei:
    • Operadore, langile eta aldamenekoen segurtasunari, erabilera-baldintzetan behar bezalako norbera babesteko ekipamenduak eta arriskuak murrizteko beste neurri batzuk ezar daitezela bermatuz, komeni denaren arabera.
    • Ingurune urtarra eta xede ez diren organismoak babesteari; identifikatutako arrisku horiei dagokienez, hala badagokio, arriskuak murrizteko neurriak aplikatu beharko dira, tanpoi-eremuak adibidez.
    • Erabilitako substantzia aktiboaren kantitateari. Horretarako, bermatu egingo da baimendutako kantitateek ez dituztela gainditzen (aplikazio-tasa eta -kopuruen terminoetan) lortu nahi den efektura iristeko beharrezkoak diren gutxieneko kopuruak eta ez dutela eragiten ingurumenean onargarria ez den efekturik. Hortaz, aintzat hartuko dira, batetik, kobre-oinarriko mailak aplikazio-eremuan eta bestetik, informazioa eskuragai dagoenean, beste iturri batzuen kobre-ekarpena. Bereziki, Estatu kideek ha-ko 4 kg kobre-kopurua gainditzen ez duen urteko gehieneko aplikazio-tasa ezar dezakete.