Mahastizaintza-ustiategietarako nekazaritzako jardunbide egokien eta higiene jardunbide zuzenen gida 17/12/22
Elikagaien Segurtasunerako Kataluniako Agentziak (ACSA) mahastizaintza-ustiategietarako jardunbide egokien gidaren beste edizio bat argitaratu du.
Kontsumitzaileari iristen zaizkion ardoak kalitate onekoak eta seguruak izan daitezen, jardunbide jakin batzuei jarraitu behar zaie ustiategian, kalitate oneko mahatsa lortu ahal izateko, betiere ingurunea errespetatuz eta elikaduraren arloko higiene- eta segurtasun-baldintza zorrotzenak betez.
Kataluniako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreak duen garrantzia kontuan hartuta, 2010eko otsailean ACSAk mahastizaintza-ustiategietarako nekazaritzako jardunbide egokien lehen gida argitaratu zuen.
Ordutik arauak aldatu dira, eta, batez ere, planteamendu-aldaketa egon da Kataluniako elikagaien higienearen eta segurtasunaren kontrolean; izan ere, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorra sortu da eta lehen sektoreko nekazaritza-ekoizpena kontrolatzeko programa ofizialak ezarri dira. Hori dela eta, bigarren edizio honetan, Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura Sailak (DARP) eta Elikagaien Segurtasunerako Kataluniako Agentziak (ACSA) jatorrizko gida berrikusi dute aldaketa horietara egokitzeko, betiere gidaren hasierako filosofia errespetatuz.
Ekoizleek ez dute jardunbide egokien gidarekin bat egin behar nahitaez, baina Europar Batasunak aitortutako kudeaketa tresna egokia da eta lehen sektoreko ekoizpenean edo horri loturiko lanetan egon daitezkeen arriskuen berri ematen du. Horrez gain, arrisku horiek saihesteko eta zuzentzeko neurriak eta legediak ezartzen dituen eskakizunak ere jasotzen ditu. Gidaren lehen edizioan, gainera, ingurunea zaintzeko eta ekoizpenaren kalitatea hobetzeko nekazaritzako jardunbide egokiak ere bazetozen.
Gidaren edizio berriak bi zati ditu: lehenengoan jatorrizko dokumentuko atal berak daude, araudiaren arabera dagozkien egokitzapenekin eta jatorrizkoan agertzen ez ziren elikagaien higienearen eta segurtasunaren arloko beste zenbait alderdi gehituta. Bigarren zatian kontrol-zerrenda edo checklist bat agertzen da; bertan, berariaz jasota daude ustiategietan bete behar diren eta gomendatzen diren jardunbide egokiak, ekoizle bakoitzak bere ustiategiaren diagnostikoa egin eta bere produktuentzat arriskutsuak izan daitezkeen alderdiak zuzen ditzan.
Mahastizaintza-ustiategietarako higiene-jardunbide egokien gida (katalanez)