Duela gutxi argitaratu da apirilaren 20ko 285/2021 Errege Dekretua, produktu fitosanitarioen biltegiratze-, merkaturatze-, inportazio- edo esportazio‑baldintzak, kontrol ofiziala eta saiakuntzak egiteko baimena ezartzen dituena, eta aldatu egiten du irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretua, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duena. 2021eko azaroaren 10ean sartuko da indarrean.

Errege Dekretu berri horren helburu nagusia da “produktu sanitarioen oinarrizko merkaturatze-, inportazio-, esportazio- eta erabilera-baldintzak ezartzea”.

Helburu hori lortzeko, honako neurri hauek hartzen ditu:

a) Produktu fitosanitarioen biltegiratze-baldintzak, hirugarren herrialdeekiko merkataritza eta urrutiko salmenta arautzea.

b) Produktu fitosanitarioen transakzio eta eragiketen  erregistro elektronikoa sortzea.

c) Kontrol ofizialei buruzko Araudia Espainiako Erresuman aplikatzeko xedapen espezifikoak ezartzea, produktu fitosanitarioak merkaturatzeko, inportatzeko edo esportatzeko kontrol ofizialak egiteari dagokionez, eta produktu fitosanitarioak merkaturatzeko, inportatzeko edo esportatzeko kontrol-programa ofiziala egitea.

d) Produktu fitosanitarioekin saiakuntzak egiten dituzten erakundeak baimentzeko erregistroa eta araudia ezartzea”.

Produktuak biltegiratzea

Bigarren kapituluan, erabilera profesionaleko eta ez profesionaleko produktu fitosanitarioek bete behar dituzten biltegiratze-baldintzak ezartzen dira, eta honako hauei eragiten diete:

  • operadore profesionalak
  • hornitzaileen sektorea (banaketa eta salmenta)
  • tratamendu-enpresak
  • nekazaritza-ustiategiak
  • fabrikazio-establezimenduak
  • biltegiratze-lokalak
  • produktu fitosanitarioak aplikatzeko instalazioak

Kanpo-merkataritza

Hirugarren kapituluan, produktu fitosanitarioen eta substantzia aktiboen inportazio- eta esportazio‑baldintzak ezartzen dira, eta, aldi berean, mugetako kontrol-postuetan egiten diren ikuskaritzetarako kontrol-neurriak eta ‑bitartekoak zehazten dira.

Merkaturatzea eta kontrola

Laugarren kapituluan, produktu fitosanitarioak merkaturatzeko eta kontrolatzeko baldintzak ezartzen dira.

 

Urrutiko salmenta

Arautu egiten da produktu fitosanitarioen urrutiko salmenta, eta erabilera ez profesionaleko produktuetarako baino ez da baimentzen.

 

RETO (Produktu fitosanitarioen transakzio eta eragiketen erregistro elektronikoa)

Produktu fitosanitarioen transakzio eta eragiketen erregistro elektronikoa, batik bat, ROPOn inskribatuta dauden hornitzaileen sektoreentzat eta tratamendu fitosanitarioen sektoreentzat da. Helburua da sektore horiei ahalbidetzea egiten dituzten merkaturatze-, inportazio- edo esportazio-eragiketa guztien erregistro eguneratua bete dezaten, 1311/2012 Errege Dekretuaren 25. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dekretu honek ofizialtasuna eman nahi dio erregistro horri, eta ezartzen du nahitaez bidali beharko dela erregistro eguneratua telematikoki, aplikazio informatiko autonomikoen bidez, eta, halakorik izan ezean, RETOren bidez.

Honako hauek dira sektore horiek eguneratuta izan behar dituzten gutxieneko erregistroak:

 

Hornitzaileen sektorearen erabiltzaileak

a) Eragiketaren identifikazioa: Espainian erosia, Espainian saldua, inportazio paraleloa, EBrako inportazioa, EBrako ez den inportazioa, EBrako esportazioa eta EBrako ez den esportazioa.

b) Transakzioaren data.

c) Produktu fitosanitarioaren identifikazioa (izen komertziala, produktu eta material fitosanitarioen erregistro ofizialeko inskripzio-zenbakia, edo, halakorik ezean, fabrikazio-lotearen zenbakia edo erreferentzia).

d) Transakzioaren xede den produktu-kopurua (ontziaren edukiera eta ontzi‑kopurua).

e) Hornitzailearen eta eroslearen identifikazioa (ROPO ekoizle eta operadoreen erregistro ofizialeko inskripzio-zenbakia, izen-abizenak edo sozietate-izena, sozietate‑helbidea edo -egoitza, eta IFZa).

 

Tratamenduen sektoreen erabiltzaileak

a) Eragiketaren identifikazioa: produktua erostea ala aplikatzea.

b) Produktua erosiz gero, hornitzailearen identifikazioa (ROPOko inskripzio-zenbakia, IFZa eta sozietate-izena edo -izendapena).

c) Produktua aplikatuz gero, hornitzailearen edo zerbitzuaren kontratatzailearen identifikazioa (izen-abizenak edo sozietate-izena, sozietate-helbidea edo -egoitza, eta IFZa).

d) Eragiketaren data.

e) Produktu fitosanitarioaren identifikazioa (izen komertziala, produktu eta material fitosanitarioen erregistro ofizialeko inskripzio-zenbakia, edo, halakorik ezean, fabrikazio-lotearen zenbakia edo erreferentzia).

f) Transakzioaren xede den produktu-kopurua (ontziaren edukiera eta ontzi‑kopurua).

g) Produktua aplikatuz gero, tratamendua jaso duen laborantza.

Kontrol ofiziala

Produktu fitosanitarioak merkaturatzeko kontrol ofizialen programak egiaztatu egingo du Europar Batasuneko, lurraldeko edo autonomia-erkidegoko araudietan ezarritako betebeharrak betetzen direla, produktu fitosanitarioen merkaturatzeari, inportazioari edo esportazioari dagokienez.

Saiakuntzak egitea

Bosgarren kapituluan, produktu fitosanitarioekin saiakuntzak egiteko baldintzak ezartzen dira, eta horixe da, hain zuzen ere, dekretu honen berrikuntza handienetako bat.

17. artikuluan ezartzen dira produktu fitosanitarioekin saiakuntzak egiteko betekizunak.

18. artikulua produktu fitosanitarioekin saiakuntzak egiten dituzten enpresen erregistro ofizialari buruzkoa da. Erregistro horrek izaera publikoko datu‑base informatizatu bat sortuko du, eta, hala badagokio, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren webgunearen bidez kontsultatu ahal izango da.

Saiakuntzei buruzko informazio guztia ezinbestekoa da produktu fitosanitario bat erregistratzeko beharrezkoa den dokumentazioa emateko. Hortaz, gutxieneko kalitate-estandarren eta segurtasuna eta giza osasunaren eta ingurumenaren segurtasuna eta haietan egon daitezkeen arriskuak arintzea bermatuko duten baldintza batzuen arabera garatu behar da, 285/2021 Errege Dekretuak aurreikusten duen bezala.

285/2021 Errege Dekretua 2021eko azaroaren 10ean sartuko da indarrean.