Mikotoxina esaten zaie nagusiki Aspergillus, Penicillium eta Fusarium generoetako onddoek sortzen dituzten konposatu toxikoei

EFSAk MYCHIF izeneko azterlan bat argitaratu du, elikagai eta pentsuetan dauden mikotoxinen nahasketen arriskuak ebaluatzeko metodo berritzaile eta integratu bat garatzeko, zenbait ereduren babesa izango duena. Azterlan horrek zenbait azterketa-esparru hartzen ditu barnean:

Onddoen hazkuntzari eta mikotoxinen sorrerari buruzko literatura zabala dugu eskura, baita landare-patogeno interakzioari eragiten dioten faktoreei buruzkoa ere. Artoaren eta ale txikien kasuan (esaterako, garagarra, oloa, garia eta beste batzuk), prebentzio-ekintzak ezarri dira mundu guztian, bai uztaren aurretik, bai laborantza-sistemaren eta uzta kudeatzeko sistemaren parte gisa, eta baita uztaren ondoren ere, aleak biltegiratzeko, prozesatzeko eta desintoxikatzeko prozesuen bidez. Artoaren kasuan, egiaztatu da kontrol biologikoa oso garrantzitsua dela Aspergillus flavus onddoa saihesteko eta aflatoxinak ahalik eta gehien murrizteko. Arrozaren kasuan, literatura handia dago Aspergillus eta Fusarium onddoen inguruan. Penicillium generoko espezieak ere arrozean haz daitezke, biltegiratzeko unean (P. verrucosum). Onddo horrek aldi berean zitrinina eta A okratoxina (OTA) sortzeko gaitasun toxikogenikoa du. Zenbait azterlan egin badira ere, arrozeko mikotoxinen ondoriozko kontaminazioari buruzko txostenak mugatuak dira beste zereal batzuei buruzkoekin alderatuta. Mahatsei dagokienez, argitaratutako lan gehienak gai hauei buruzkoak dira: Aspergillus generoko espezieen agerpena eta ekologia; ardoetan, mahats-zukuetan, andere-mahatsetan eta mahaspasetan agertzen diren OTA toxinak; eta OTA toxina horiek prebenitzeko ekintzak. Fruitu lehorretan gehien detektatzen diren mikotoxinak fumonisinak dira.

Analisi-metodoak askotarikoak dira: hasi detekzio azkarrerako erabiltzen diren kostu txikiko tresnetatik (laborategian edo landan erabil daitezke) eta detekzioa baieztatzen duten analisi-tresna sofistikatuagoetaraino. Beharrizan nagusia da landan oinarritutako probak egiteko detekzio-tresnak eskuragarri izatea, mikotoxinen familia bat baino gehiago detektatzeko.

Datu toxikozinetikoak eskuragarri daude nagusiki txerri eta oilaskoentzat, nekazaritzaren ekonomiaren ikuspegitik espezie garrantzitsuak baitira, baita arratoientzat ere. Azterlanaren arabera, hauek dira, besteak beste, nahasketen toxikozinetikan eragin handiena izan dezaketen parametroak: mikotoxina mota, dosia, esposizio-bidea eta espezieen arteko aldea.

Ingurumeneko substantzia kimikoetarako esposizioa ebaluatzeko biomonitorizazio-ikuspegietan erabiltzen diren analisi-metodoek detekzio- eta kuantifikazio-muga baxua izan behar dute, eta erabiltzen den metodologiak zehatza eta sendoa izan behar du, kontzentrazio baxuak neurtzeko modukoa.

Gomendioak eta etorkizunean landu beharreko gabeziak:·

  • Mikotoxinen tratamendua uztaren aurretik eta ondoren. Ez daukagu mikotoxinen aldibereko presentziari buruzko informazio argirik, ezta aldatutako mikotoxinen aldibereko presentziari buruzkorik ere. Ez dakigu, halaber, nora joaten diren prozesatzen direnean.
  • Analisi-metodoak: eskuragarri dauden analisi-metodoak, oro har, egokiak dira mikotoxinen nahasketen agerpena ebaluatzeko, batez ere bereizmen handiko masa-espektrometrian oinarritutako metodoak.
  • Toxikotasuna: gaur-gaurkoz datu gutxi ditugu, eta alderdi hauek landu beharko lirateke:
  1. Mikotoxinen nahasketak lehenesteko irizpideak garatzea, in vivo eta in vitro probatzeko.
  2. Egituretan oinarritutako TD ereduak erabiltzea, mikotoxinen toxikotasun-mekanismoak ulertzeko, arrazoizko lehenespen-irizpideak emateko eta mekanikoki azaltzeko espezieen arteko eta espezie baten barruko aldakortasuna.

Biomarkagailuak. Alderdi hauek landu behar dira:

  1. Elikagaietako mikotoxinen ahorakinaren eta egon daitezkeen beste esposizio-bide batzuen (adibidez, kontaktua edo arnasketa) arteko korrelazio kualitatiboa eta kuantitatiboa zehazteko ereduak definitu behar dira. Beste esposizio-bide horien artean, arnasketa oso garrantzitsua da lan-ingurune batzuetan, adibidez zerealekin lan egiten denean eta biltegietan.
  2. Konposatu parentalen bidezidor metabolikoa kuantitatiboki zehaztea falta da. Jatorrizko konposatuen bidezidor metabolikoaren zehaztapen kuantitatibo horri eragiten dioten hainbat ziurgabetasun-iturri daude; hori dela eta, gizakientzako PBTK ereduak egitea erronka handia da.
  3. In vivo mikotoxina bakar baten eta beste mikotoxina batzuekin batera dagoen mikotoxina baten patroi metabolikoen artean egon daitezkeen desberdintasunei buruzko informazioa falta da, baita horietako bakoitzak izan ditzakeen eragin toxikoei buruzkoa ere.
  4. Garrantzitsua da zehaztea toxina bakarraren dosiak zer zeregin duen dosia bera elikagaien ahorakinarekin eta eragin toxikoarekin korrelazioan jartzeko aukera txikia duten bidezidor metabolikoen profilean.