Elikagaien Segurtasunerako Britainia Handiko Agentziak (FSA) ikerketa-proiektu baten emaitzak argitaratu ditu. Ikerketa horren helburua da zehaztea Erresuma Batuko nekazaritzan gaur egun erabiltzen diren ureztatze-jarduerak arriskutsuak diren elikagaien segurtasunerako, produktu freskoak kutsatzearen ondorioz. Nekazaritzan ureztatzeko erabiltzen den ur gehiena ibaietatik edo lur azpiko akuiferoetatik ateratzen da zuzenean.

Halaber, lur azaleko zenbait ur-ustiategietako urtegietan bertan biltegiratzen dira, udan ur-hornidura ez eteteko. Hondakin-urek, nekazaritza-lurretako jariatze-urek edo animalia basatien hondakin fekalek ibaiak eta errekak kutsa ditzakete, mikroorganismo patogenoen bitartez (ikerketan honako hauek aztertu dira bereziki: Salmonella, Escherichia coli O157, norobirusa, rotabirusa, Listeria, Campylobacter, Clostridium perfringens, Cryptosporidium eta Giardia).

Patogenoek kutsatutako ura uztara irits daiteke, eta, hala, mikrobioak produktuetara transferi daitezke. Produktu horietako asko gordinik jaten dira, eta hori gertatzea oso arriskutsua izango litzateke osasun publikorako.

Emaitzak bi ataletan aurkeztu dira:

  • Lehen atalean honako hauek identifikatu dira: elikadura-jatorriko gaixotasunak eragiten dituzten patogenorik garrantzitsuenak eta horiek transmititzeko moduak, agente patogenoek bizirik irautea eta ingurumenean mugitzea eragiten duten ezaugarriak, horiek aztertzeko datuak, ureztatzeko erabiltzen den uraren kalitatea iragartzeko eskura dauden tresnak eta ureztatzeko hainbat praktikari lotutako arriskuak.
  • Bigarren atalean honako hauek identifikatu dira: Erresuma Batuan gaur egun erabiltzen diren ureztatze-jarduerak eta ur-iturriak, eta nola eragin diezaioketen uztaren kutsadurari, eta nekazaritzako uraren erabilerak etorkizunean izan ditzakeen aldaketak, ingurumen-legeria, klima-aldaketa eta ureztatzearen arriskuak kontrolatzeko legeria direla eta.

Azterlana