Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (CHE) 2014ko Substantzia Arriskutsuak Kontrolatzeko Sareari buruzko urteko txostena argitaratu du.

Egun, sare horrek 24 kontrol-gune ditu; kontrol-gune horietan ur-lagin bat hartzen da hilean behin, eta sedimentu- eta biota-lagin bana urtean behin.

Uraren matrizean 64 substantziaren 4.421 determinazio analitiko egin dira sare horretako 24 kontrol-guneetan. Horietatik % 14,7k gainditu dute kuantifikazio-muga, baina substantzia arriskutsuetako 24tan baino ez; hala, 40 substantzia ez dira analisi batean ere agertu.

Hona hemen aurkitu diren substantzia arriskutsuen mailei buruzko emaitzarik adierazgarrienak:

  • Uraren matrizean, ez dira bete hexakloroziklohexano (HCH) substantziarako ezarritako urteko batez bestekoak honako gune hauetan: Zadorra/Gasteiz-Tresponde; eta Ebro/Pinako urtegia eta Gállego.
  • Horrez gain, hamalauk ez dute errespetatu baimendutako HCH kontzentrazioaren maila; hauek, hain zuzen ere: Zadorra/Vitoria-Tresponde (5), Gállego/Hostal de Ipiés (5), Gállego/Villanueva (2); Ebro/Pinako urtegia (1), eta Ebro/Ascó (1). Gállego ibaian eta Ebro ibaian hauteman diren kontzentrazio altuen eragilea 2014ko udan Bailíngo zabortegiko hondakinak segurtasun-biltegi batera eramateko lanek eragindako kutsadura izan zen.
  • Bi gunetan (Ebro/Miranda de Ebro eta Ebro/Benissanet) bi kutsatzaile zehatzen (benzotiazola eta merkaptobenzotiazola) presentzia kontrolatu da. Kutsatzaile horiek eskualde horretako hainbat industriatatik datoz. Aipagarriak dira Mirandan jasotako emaitzak; izan ere, parametro bakoitzean 8 determinazio egon dira kuantifikazio-mugaren gainetik.
  • Sedimentuari dagokionez, Arga/Orobia gunean hidrokarburo aromatiko poliziklikoaren (HAP) kontzentrazio-maila altuak hauteman dira, baita Zadorra/Vitoria-Tresponde gunean ere, neurri txikiagoan bada ere. Lehentasunezko beste substantzia arriskutsu batzuk gehiagotan agertu dira industria-jarduera handia dagoen eskualdeetako uretan. Horixe gertatu da Zadorra/Vitoria-Tresponden. Bertan, merkurioa, kadmioa, kromoa, nikela, beruna, zinka eta kobrea hauteman dira. Horrez gain, Zadorra/Agurainen zinka eta kobrea hauteman dira, eta Arga/Ororbian, berriz, kadmioa, kobrea, kromoa, nikela eta beruna.
  • Biotari dagokionez, oraingoan lagin batek ere ez du gainditu hexakloroziklohexano, pentaklorobenzeno edo HAP kontzentrazioen muga. Dena den, muga nabarmen gainditu du merkurioak, 22 kontrol-gunetan agertu baita. Bereziki aipagarriak dira Arga/Ororbia, Vero/Barbastro eta Cinca/Monzón (ibaian behera) kontrol-guneetako emaitzak.

Txostena autonomia-erkidegoei igorri zaie, eta Isurien Sailak erabiliko du baimenen kontrola egiteko.

2014ko CHE txostena