Arrisku biologikoei buruzko EFSAren panelak (BIOHAZ) zientzia-irizpen bat egin du hosto berdeko barazkiak elikakateko faseetan kutsatzen laguntzen duten arrisku-faktoreei buruz.

Hosto berdeko hainbat landareren hostoak, zurtoinak eta kimuak dira hosto berdeko barazkiak, nahiz eta gordinik jaten direnak baino ez diren aintzat hartu EFSAren irizpenaren xedeetarako. Honako hauek dira labore-mota nagusiak: "uraza" gisakoak, brasikaze hostodunak, azak, endibiak eta berroak.

Hosto berdeko barazkiak Salmonella eta Norovirusaren bidez kutsatzeko arrisku-faktore nagusiak anitzak dira, nekazaritza-ekoizpeneko sistema, jatorria eta prozesamendua ere kontuan hartuta, eta honako hauek hartzen dituzte euren baitan:

Salmonellaren kasuan:

  • Ingurumen faktoreak, bereziki, animaliak hazteko eragiketa-tokietatik gertu egotea, urtarokotasuna eta klimarekin lotutako baldintzak (adibidez, uholdeak eragiten dituzten euriteak), patogenoak gordailuetatik transferitzea areagotzen dutenak.
  • Animalia-gordailuekin kontaktua izatea, etxekoak edo basa-animaliak izan.
  • Tratatu gabeko edo nahiko tratatu ez den simaurra edo ongarria erabiltzea.
  • Ur kutsatua nekazaritza-xedeetarako erabiltzea (ureztatzekoa edo prestizidak).
  • Kutsadura gurutzatua manipulatzaile eta ekipoengatik, uztaroan edo uztaroaren ondoren.


Norovirusaren kasuan:

  • Ingurumen faktoreak, bereziki, klima-baldintzak (adibidez, euriteak edo uholdeak), Norovirusa hondakin-uretatik edo hondakin-uren efluenteetatik ureztatzeko uretara edota hosto berdeko barazkien soroetara transferitzea areagotzen dutenak.
  • Hondakin-urekin kutsatutako ura erabiltzea ureztatzeko edo pestizidekin tratamendua egiteko.
  • Elikagaien manipulatzaileek edo ekipoek baserrian kutsatzea, uztaroan edo uztaroaren ondoren.

Prozesatu bitartean, kutsadura gurutzatuko arriskua dago moztu berri diren hosto berdeko barazkiak uretan sartzean, garbiketa-tankeetan. Salmonellari dagokionez, arrisku hori murriztu egiten da desinfektatzaileak behar bezala erabiltzen badira garbiketa-uraren biltegiaren barruan. Infektibitate-entsegua egin ez denez, ez da erabat zehaztu kloroak Norovirusaren aurka duen eraginkortasuna.

Hosto berdeko barazkietarako kutsadura-iturri bihur daitezke prozesatze-ekipoetan Salmonella biofilmak itsastea edo sortzea, eta kentzen zailak izan daitezke ohiko garbiketa-metodoak erabiliz. Tresnen kutsadura gurutzatua Salmonella sortzeko arrisku-faktore nagusia da banaketan, txikizkako merkataritzan, sukaldaritzan, eta etxe- edo merkataritza-inguruetan, batez ere animalia-jatorriko elikagai gordin kutsatuen eta hosto berdeko barazkien arteko kontaktu zuzenaren edo zeharkakoaren bidez.

Nabarmentzekoa da EFSAren panelak gomendatzen duela elikagai-segurtasuneko kudeaketa-sistemak behar bezala aplikatzea, honako hauek barne: Nekazaritzako Jardunbide Egokiak (NJE), Higiene Jardunbide Egokiak (HJE) eta Manufakturako Jardunbide Egokiak (MJE).

Erabat beharrezkoa da elikagaien manipulatzaileek higiene-eskakizunak betetzea, bereziki eskuak garbitzea, eta hosto berdeko barazkiak ekoitzi eta hornitzeko katearen etapa guzti-guztietan egin behar dute, Salmonella sortzeko zein Norovirusarekin kutsatzeko arriskuak murrizteko xedez.

EFSA-Txostena