2015eko ekainaren 1ean sartuko da indarrean 1272/2008 Araudia, substantzia eta nahasketa arriskutsuak sailkatzeko baldintzak eta ontziratu zein etiketatzeko arauak mundu mailan bateratzen dituena.

Ondorioz, 2015eko ekainaren 1ean salmentan jartzen diren produktu fitosanitario guztiak Araudi horrek xedatzen dituen irizpideen arabera egongo dira sailkatuta, ontziratuta eta etiketatuta. Bi urtez, merkatuan batera egongo dira, batetik, aurreko araudiaren arabera sailkatutako, ontziratutako eta etiketatutako produktuak, eta, bestetik, araudi berri honen arabera birsailkatutakoak. Baina, 2017ko ekinaren 1etik aurrera, araudi berriaren arabera etiketatutako produktuak baino ezingo dira merkaturatu.

Produktu fitosanitarioek osaera, propietate, erabilera-baldintza eta eraginkortasun berbera izango dute; baina, Araudi honetako aldaketa nagusietako bat da sinbolo eta nomenklatura berriak azalduko direla produktu fitosanitarioen etiketetan.

Beraz, produktu fitosanitarioen etiketek piktograma berriak izango dituzte: ertz gorriak eta sinbolo beltza dituzten erronboak atzealde zuriaren gainean. Horiek ordeztu egingo dituzte gaur egun erabiltzen diren karratu beltzak, atzealdea laranja-hori kolorekoa dutenak. Gainera, sinboloekin batera, ohartarazpen-hitzak jarri behar dira; besteak beste, “arriskua” edo “kontuz”. Bestalde, arrisku-esaldien ordez arrisku-oharrak jarriko dira, eta aldatu egingo dira substantzia edo nahasketa arriskutsu baten aurreko esposizioak (berau erabiltzean edo kentzean) eragiten dituen ondorio kaltegarriak murrizteko edo ekiditeko neurriak.

Espainiako produktu fitosanitarioen ekoizleen sektorea ordezkatzen duen Enpresa Elkarteak (AEPLA) informazio-poster bat egin du produktu horiek sailkatzeko, etiketatzeko eta ontziratzeko sistema berriari buruz: "Produktu fitosanitarioekin egizu lan modu seguruan". Xedea da produktu fitosanitarioen erabiltzaileei informazioa ematea.

1272/2008 Araudia

AEPLAren posterra