Europako Batzordearen DG SANCOk txosten bat argitaratu du. Txosten horretan laburbildu egiten dira FVOk estatu kideetan 2006. eta 2011. urteen artean egindako hainbat ikuskapen, landare-jatorriko produktuetan pestiziden hondakinen kontrol ofizialei dagokienez.

Guztira, 19 ikuskapen egin ditu 17 estatu kidetan. Ikuskapen horien emaitza, oro har, positiboa izan da. Halaber, praktika egokienak identifikatu ditu eta hainbat gomendio eman dizkie estatu kideei.

Honako hauek dira txostenean jaso diren praktika egokienak:

  • Aurrerapen nabarmena egin da plagiziden hondakinen kontrol ofizialei buruzko txostenen plangintzan, exekuzioan eta aurkezpenean.
  • Gora egin du hartutako laginen kopuruak.
  • Laginketa-prozedurek bete egiten dute EBko legedia, eta hartutako neurriak ia estatu kide guztietan gauzatzen dira.
  • Pestiziden hondakinen inportazioa kontrolatzeko prozedurak egokiak eta eraginkorrak dira.

Honako hau da estatu kideei egindako gomendioen laburpena:

  • Kontrolak modu eraginkorragoan antola daitezke, ezagunak diren arrisku-faktore guztiak aintzat hartuta: bereziki, operadoreen autokontrol-sistemen errealitatea eta operadore horien betetze-erregistroak. Orain arte, horiek ez dira ia aintzat hartu.
  • Kontrol nazionalen programek xede zuten kontsumitzaileen esposizioa eta legedia betetzen den balioestea, eta gehienetan biak programa berberaren baitan balioetsi izan dira. Nahiz eta 396/2005 (EE) Araudiarekin bat etorri, identifikatutako praktikarik egokiena helburu horietako programa bereiziak ezartzea da.
  • Elikakateko laginketa-guneak asko aldatzen dira estatu kideen arabera, eta beti ez dira egoki aukeratuak izan.
  • Ez da erabat bete laborategiak egiaztatzea eta LC-MS/MS ekipoa ez zegoen eskura eskualde mailako laborategi askotan, eta horren ondorioz, analisiek ez zuten behar adinako garrantzirik izan. Horixe gertatu da laborategi kopuru handi xamarra esleitu baina analisi gutxi egin ziren estatu kideetan.
  • Laborategietan eskura zeuden baliabideak behar ez bezala bideratzeak eragin negatiboa izan zuen kontrolen eraginkortasunean.
  • Laborategietan aurrerapausoak eman dira, pestizida-hondakinen analisien kalitatea kontrolatzeko metodoak eta prozedurak balioztatzeari buruz SANCOk emandako zuzentarauak aplikatzeari dagokionez. Eta, ondorioz, kalitate hobea eta emaitza fidagarriagoak lortu dira. Nolanahi ere, desbideratzea dago zuzentarau horietan, metodoak balioztatzeko kuantifikazioaren inguruko zalantzei dagokienez. Hortaz, Hondakinen Gehienezko Mugak (LMR) aplikatzeko atalaseak ez dira berdinak estatu kide guztietan.

DGSanco-landare-produktuen pestizidei buruzko ikuskapena