Joan den asteazkenean, urtarrilak 28, 9/2015 Errege Dekretua argitaratu zen, urtarrilaren 16koa. Horren bidez, nekazaritzako ekoizpen primarioaren higieneari dagokion araudi komunitarioa ezartzeko baldintzak arautzen dira.

Errege Dekretu horrek helburu du nekazaritzako ekoizpen primarioko elikagaien higieneari dagokion araudia ezartzeko baldintzak arautzea. Baldintza horiek honako bi araudi hauetan jasotzen dira: elikagaien higieneari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 852/2004 Araudian (EE), apirilaren 29koan, eta pentsuaren higienea arautzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 183/2005 Araudian (EE), urtarrilaren 12koan.

Araudi berri horrek Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Nagusia (REGEPA) sortzen eta arautzen du. Erregistro hori nahitaezkoa da elikagaien segurtasunari buruzko araudia bete dadin, eta, horrez gain, funtsezkoa da edozein lurralde-eremutan ikuskaritza-zerbitzuak egon daitezen.

Tresna baliagarri eta komenigarria da, halaber, nekazaritza-politikaren beste helburu batzuetarako. Nekazariek, REGEPAn izena emateko, urtero jakinarazi beharko diote Autonomia Erkidegoko organo eskudunari arauaren eranskinean jasotako informazio guztia.

Era berean, 9/2015 Errege Dekretuaren xedea da nekazaritzako ekoizpen primarioaren higienea ofizialki kontrolatzeko programak sortu eta arautzea. Hala, araua indarrean sartzen denetik zenbatzen hasi eta gehienez ere hilabetera, Autonomia Erkidego bakoitzak MAGRAMAri emango dio bere lurralde-eremuan puntu fokal gisa jardungo duen organoaren edo erakunde eskudunaren berri.

9/2015 Errege Dekretua