Zein neurrira arte da landa-girokoa EB?
EBko lurzoruaren % 77tik gora da landa-zonaldea: % 47 nekazaritza-lurrak dira eta % 30 basoak. Bertan, gutxi gorabehera, herritarren erdia bizi da, eta nekazaritzan eta bestelako jardueretan aritzen da.
Zenbat nekazari dago EBn?
12 milioi (lanaldi osoz). Nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industria uztartuta (bigarrena nekazaritza-sektorearen menpe dago, erabat, hornikuntzarako), EBko BPGren % 6, 15 milioi enpresa eta 46 milioi langile eragiten dituzte.
Zer-nolako nekazaritza-ustiategiak daude EBn?
Ustiategiak oso anitzak dira. Euren baitan hartzen dituzte nekazaritza intentsiboa, konbentzionala eta ekologikoa.
Ohikoak dira familia-mailako ustiategiak, belaunaldiz belaunaldi jaraunsten direnak.
Europan, ustiategi baten batez besteko tamaina 15 hektareakoa da (konparatzeko, Ameriketako Estatu Batuetan 2 milioi nekazari besterik ez daude, ustiategien batez besteko tamaina 180 hektareakoa izan arren).
NPEri buruzko oinarrizko datuak
Zer da NPE?

Nekazaritza Politika Erkideak Batasuneko nekazariei 500 milioi europarren beharrizanak artatzea ahalbidetzen die. Helburu nagusiak dira nekazarientzako bizi-maila egokia bermatzea eta kontsumitzaileei elikagai-eskaintza egonkorra, segurua eta prezio egokiak dituena ematea.
1962an sortu zenetik, NPE asko aldatu da… Eta oraindik ere aldatzen ari da. 2013ko ekaineko erreformak hiru lehentasun ditu:

  • Elikagaien ekoizpen bideragarria bermatzea,
  • Natur baliabideen kudeaketa iraunkorra bermatzea eta
  • EB osoko landa-eremuen garapen orekatua erraztea.

Nola erabiltzen da aurrekontua?
NPEko aurrekontuak hiru gastu-mota estaltzen ditu:

  • Nekazarien errentarako laguntza eta nekazaritza-jardunbide iraunkorra errespetatzeko laguntza.
  • Merkatuari laguntzeko neurriak.
  • Landa-garapenerako neurriak.

Nork ezartzen du NPEren aurrekontuaren zenbatekoa?
EBko Batzordeak eta Europako Parlamentuak ezartzen dute aurrekontua, urtero. Gastuak epe luzera kontrolatzeko, horiek urte anitzeko finantza-esparruan sartzen dira.
Nekazari guztiei tratu bera ematen al zaie?
2013ko ekaineko erabakiei jarraikiz, NPEren aurrekontu-banaketak bermatu egingo du estatu bakar batek ere ez duela batez besteko erkidearen % 75tik behera jasoko hemendik 2019ra.
Zergatik ematen zaie diru publikoa nekazariei?
Nekazariek egiten duten denbora- eta diru-inbertsioa beti dago baldintza ekonomikoen, sanitarioen eta meteorologikoen menpe, eta horiek ez daude euren kontrolpean. Nekazaritzak inbertsio handia eskatzen du, hala giza inbertsioa nola finantzarioa, eta emaitzak inbertsioa egin eta hilabeteetara edo urteetara iristen dira, beti modu prekarioan.

Nekazarien errentari laguntzeak bermatu egiten du EB osoan elikagaiak ekoizten jarraitzea. Halaber, ahalbidetu egiten du balio kalkulaezineko ondasun publikoen prestazioagatik ordaintzea: ingurumenaren babesa, animalien ongizatea, elikagai seguru eta kalitatezkoak, etab.

"Ondasun publiko" horiek are garrantzitsuagoak dira, aintzat hartzen bada Europako arauak munduko zurrunenen artean daudela. Laguntza publikorik gabe, Europako nekazariek ezin dira beste herrialde batzuetakoekin lehiatu eta, aldi berean, ezin dituzte Europako kontsumitzaileen eskaera zehatzak artatu.
Zer-nolako gastua dakarkio NPEk zergapekoari?
NPEren kostua 30 zentimo ingurukoa da, eguneko, EBko herritar bakoitzarentzat. 2011n EBko urteko aurrekontuaren % 43 izan zen (58.000 milioi euro), nahiz eta ehuneko hori murrizten ari den 1984az geroztik. Sasoi hartan % 72koa zen, 1992an Europar Batasuna handitu zenean nekazarien kopurua bikoiztu egin zen arren.
Gure elikagaiak seguruak al dira?
EBk nabarmen hobetu du elikagaien segurtasuna, aurreko mendeko 90eko hamarkadaz geroztik; zehazki, higiene-neurriak, araudi zoosanitario eta fitosanitarioa, plagiziden hondakinak atzemateko kontrolak eta elikagaietako gehigarriak atzemateko kontrolak ezarri dira. Europan elikagaiei buruz dagoen legeria munduko zurrunenetako bat da.

Nekazaritza Europan