Europako Parlamentuak, EBko Ministroen Batzordeak eta Europako Batzordeak hitzarmena egin dute, 2013 ondoren Nekazaritza Politika Erkidea (NPE) aldatzeari buruz.

NPE bidezkoagoa

"Erreferentzia historiko"-en amaierarekin, zuzeneko ordainketak modu bidezkoagoan banatuko dira estatu kideen, eskualdeen eta nekazarien artean:

  • Konbergentzia: NPEren aurrekontu-banaketak bermatu egingo du estatu bakar batek ere ez duela batez besteko erkidearen % 75 baino gutxiago gaurdanik 2019ra bitartean1. Murriztu egingo dira estatu kide edo eskualde bakar bateko ustiategien arteko laguntza-mailen diferentziak; izan ere, hektarea bakoitzeko laguntza ezin izango da ordaindutako laguntzen batez bestekoaren % 60tik beherakoa izan, hemendik 2019ra, zonalde administratibo edo agronomiko beran. Estatu kideek laguntza handiagoak eman ahal izango dizkiete ustiategi bateko "lehenengo hektareei", egitura txiki eta ertainetarako babesa indartzeko.
  • Errentarako laguntza bat jaso ahal izango duten bakarrak nekazari aktiboak izango dira.
  • Nekazari gazteak: grinez sustatuko da gazteak instalatzea. Horretarako, % 25eko laguntza gehigarria ezarriko da, lehenengo bost urteotan, estatu kide guztietan aplika dadin.
  • Estatu kideek, halaber, laguntza handiagoak eman ahal izango dituzte laguntzarik ez duten zonaldeetarako. Ekoizpen-kopuru mugatu bati lotutako ordainketak esleitu ahal izango dira, % 2ko lotura espezifikoarekin landare-proteinetarako, EBk esparru horretan duen inportazio-mendekotasuna murrizte aldera.

NPE ekologikoa

2014 eta 2020 bitartean 100.000 milioi euro baino gehiago inbertituko dira nekazaritzari laguntzeko lurzoruen kalitateak, urak, bioaniztasunak eta klima-aldaketak eragiten dituzten erronkei aurre egiteko. Horretarako, tresna hauek erabiliko dira:

  • Ekologizazioa: ordainketa zuzenen % 30 egongo da lotuta ingurumenerako hiru nekazaritza-jardunbide onuragarri betetzeari. Honako hauek dira: uztak dibertsifikatzea, larre iraunkorrak mantentzea eta, 2018tik aurrera, interes ekologikoko zonaldeen % 5 mantentzea hasiera batean, eta % 7 gerora. Bestela pareko neurriak hartu beharko dira, ingurumenerako onurari dagokionez.
  • Gutxienez landa-garapeneko programen aurrekontuaren % 30 bideratu beharko da nekazaritza- eta ingurumen-neurrietara, nekazaritza ekologikoari laguntzera edo ingurumenaren aldeko inbertsioekin edo berrikuntza-neurriekin lotutako proiektuetara.
  • Nekazaritza- eta ingurumen-neurriak indartuko dira; zehazki, ekologizazioaren esparruan lagundutako jardunbideen osagarri izan beharko dute. Programa horiek anbiziotsuagoak izan beharko dute; beraz, baita eraginkorragoak ere, ingurumena babesteari dagokionez (finantzazio bikoitza ez dagoela bermatzea).

Erreformako elementu guztiak 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarri ahal izango dira, zuzeneko ordainketen (ordainketa "ekologikoak", gazteentzako laguntza osagarriak, etab.) egitura berria izan ezik. Horiek 2015ean hasiko dira, estatu kideei denbora emate aldera, nekazariei informazioa eman diezaieten NPE berriari buruz eta NPE kudeatzeko informatika-sistemak egokitu ditzaten.

Eusko Jaurlaritzaren azterketa NPE berriaren aurrean
NPE – Europako Batzordea