FVOk Xylella fastidiosaren Espainiako egoera eta kontrola ebaluatu ditu 18/02/02
EBko Elikadura eta Albaitaritza Bulegoak (FVO) Espainian 2017ko ekainaren 12tik 23ra egindako ikuskapen baten emaitza azaltzen duen txostena argitaratu du. Ikuskapen horren helburua izan zen Xylella fastidiosa (Xf) bakterioaren egoera ebaluatzea eta, zehazki, Batzordearen 2015eko maiatzaren 18ko 2015/789/UE Exekuzio Erabakia (aurrerantzean, “Erabakia”) nola aplikatzen den aztertzea (erabaki horrek bakterioa kontrolatzeko babes-neurriak ezartzen ditu).
FVOren arabera, hauek dira ikuskapenetik ateratako ondorio nagusiak:
- Lege-baliabideak, kontingentzia-planak eta estatuan nahiz eskualdeetan egiten diren jarduketak egokiak dira kontrol-neurriak aplikatzeko.
- Agintaritzen arteko lankidetza oso lagungarria da kontrol-neurriak ezartzeko. Hainbat kanaletatik ezarritako kontzientziazio-neurrien bitartez interesa agertu duten alderdiekin konpromiso handia hartzeak nabarmen errazten ditu kontrolak.
- Gaur egun zaila da eremu mugarriztatuko landareen laginak aztertzea eta subespezieak identifikatzea, eta horrek zaildu egiten du Erabakiaren zenbait neurri aplikatzea. Laginen berrespen-frogarik ez egoteak emaitza negatiboak ekarri zituen, eta Balear Uharteetako laborategi ofizialak lagin positibo oso gutxi berretsi ditu; horren ondorioz, handitu egin da emaitza faltsuen arriskua.
- Oraindik ez dira antolatu Xf analizatzeko probak laborategi ofizialentzat, eta, beraz, ezin da bermatu proben emaitzek zehatz erakutsiko dutenik laginen infekzio-egoera.
- Eremu mugarriztatutik kanpo egiten diren inkestek, bereziki garrantzi ekonomiko handiena duten kultiboetan egiten direnek, beti ez dute izaten estaldura egokia emateko behar besteko intentsitaterik.
- Eremu mugarriztatuan egindako inkestek ez dute erakusten infekzioaren lurralde-hedapenaren eta irismenaren eta ostatatze-mailaren irudi osoa. Horrek arrisku larrian jartzen ditu desagerrarazteko neurriak.
- Gaur egun eremu mugarriztatuan aplikatzen diren neurriek ez dute bermatzen patogenoa desagertuko denik. Balear Uharteetako hirutan Xf oso hedatua dago landare ostalari ugaritan, eta patogenoaren subespezieak presente daude eremu kutsatuan; hori dela eta, oso zaila izango da pagotenoa desagerraraztea.
- Oraindik ez dakigu patogenoa nondik eta nola sartu zen Balear Uharteetan.
- Aireportuetan mugimendua kontrolatzeko ezarritako egungo neurriek berme nahikoa ematen dute uharteetako eskualdeetan infekzioa geldiarazteko. Alabaina, itsas portuetan ez dago bermatuta segurtasun-maila berbera.
Azkenik, Espainiako Babes Fitosanitarioko Erakunde Nazionalak gabeziei aurre egiteko emandako gomendioak jaso dira txostenean.
Xylella fastidiosaren egoera Espainian
Xf mundu osoan arrisku-potentzial handiena duten landareen bakterioetako bat da. Hainbat gaixotasun eragiten ditu, eta nekazaritzan kalte ekonomiko handia egiten du. Bakterioa landarearen xilemako ehunean bizi da, eta, normalean, landareaz elikatzen diren intsektuen bitartez hedatzen da.
Mundu osoan, gutxi gorabehera 300 landare-espeziek izan dezakete bakterioa; dena dela, gaixotasunaren sintomak eta kalteak ez dira espezie horietan guztietan azaleratzen. Gainera, patogenoaren lau subespezie ezagunek (pauca, multiplex, fastidiosa eta sandyi) ez diete landare-espezie guztiei eragiten.
2016ko azaroan, Espainiako agintaritzek jakinarazi zuten Xf bakterioaren multiplex subespezieak agertu zirela gereziondoetan (Prunus avium) eta Polygala myrtifolia barietateko landareetan, Mallorca uharteko mintegi batean. Orduz geroztik, bakterioaren subespezieek kutsaturiko hainbat landare-espezie aurkitu dira hiru uharteetako leku ugaritan.
Mallorcan, Xf bakterioaren multiplex eta fastidiosa subespezieak aurkitu ziren; Ibizan, pauca subespeziea, eta Menorcan, berriz, multiplex subespeziea. 2017ko ekainera bitartean, ez zen Xf bakterioaren bidezko infekziorik detektatu Formentera uhartean. Patogenoak kutsaturiko hamahiru landare-espezie aurkitu ziren. Basolibak eta oliba kultibatuak, almendrak, mahatsondoak, izpilikua eta erromeroa dira kezka nagusiak, daukaten garrantzi ekonomikoa dela eta, eta, bestetik, heriotzorria, uharteetan oso hedatua dagoelako. Balear Uharteetako lurralde osoa eremu mugarriztatutzat jo da, Erabakiaren 4. artikuluaren arabera.
FVOren txostena: Xylella fastidiosa Espainian