EUROPHYT sistemak alerta azkarra ematen du inportatutako eta EBn merkaturatutako produktuen landare-osasuna kontrolatzeko.

Europako Batzordeak 2017. urteari dagokion txostena argitaratu du. Agiri horretan, jakinarazpenei buruzko estatistika gakoak aurkezten dira, eta, gainera, atzemateetan izandako joerak aztertzen dira 2013-2017 aldiko urteko zenbatekoetan oinarrituta.

Hona hemen emaitza nabarmenenak:

  • 2017an, EUROPHYT sistemak 8.072 jakinarazpen jaso zituen estatu kideek eta Suitzak atzemandako bidalketei buruz, EBko betebeharrak betetzen ez zituztelako. 7.719 produktu hirugarren herrialde batzuetakoak izan ziren.
  • Jakinarazpen guztien artetik 1.484 landareentzako organismo kaltegarriekin (izurriak) lotuta daude, 2016an baino % 18 gutxiago. Hirugarren herrialdetako produktuetan 1.477 atzemate jakinarazi ziren ildo horretan.
  • Hirugarren herrialdetako produktuekin lotuta, atzemateen % 19 inguru landareentzako organismo kaltegarriak zituztelako izan ziren; % 43 egurrezko bilgarriek arauak ez betetzeagatik; % 33 inguru dokumentu-arazoengatik; eta gainerako % 5a debekatutako produktuak atzemateagatik.
  • Organismo kaltegarriak edukitzearen ondoriozko atzemateen kasuan, produktu nagusiak hauek izan ziren: frutak eta barazkiak (% 69), egurrezko bilgarriak (% 14), loreak (% 10), landareak (% 4) eta beste produktu batzuk (% 3).
  • Egurrezko bilgarriekin lotutako atzemateak nabarmen jaitsi direla ikusi da. Txinako bilgarrien jakinarazpenen kopururik baxuena da 2013az geroztik.

Landareetarako organismo kaltegarrien presentziaren bilakaerari dagokionez, ikusi da beheranzko joera argia dagoela 2013az geroztik (% 40ko beherakada).

Txostenarekin batera infografia formatuko laburpen bat ere jasotzen da, landare-osasunarekin lotutako atzemateen alderdi nagusienak biltzen dituena.