Substantzia eta Nahaste Kimikoen Europako Agentziaren (ECHA) Arriskuak Ebaluatzeko Batzordeak (RAC) erabaki du glifosatoaren egungo sailkapen bateratuari eustea, hau da, begietan kalte larriak eragiten dituen eta uretarako bizitzarako toxikoa den substantziatzat jotzea.

RACek glifosatoa zenbateraino den arriskutsua ebaluatu zuen, sailkapenari, etiketei eta ontziei (CLP) buruzko araudiaren irizpideei jarraituz. Batzordeak ondorioztatu zuen gaur egungo froga zientifikoak ikusita bidezkoak direla CLP araudian glifosatoari ematen zaizkion sailkapen hauek:

  • Begietako kaltea (1); H318 (kalte larriak eragiten ditu begietan)
  • Uretako kronikoa (2); H411 (toxikoa da uretako organismoentzat, eta ondorio kaltegarri iraunkorrak ditu)

Era berean, RACek ondorioztatu zuen egungo froga zientifikoek ez zituztela betetzen ez glifosatoa xede-organoetarako toxikotasun espezifikoaren arabera sailkatzeko irizpideak, ez kartzinogenotzat edo mutagenotzat sailkatzeko irizpideak, ez ugalketarako toxikotasuna ebaluatzeko irizpideak (CLP araudian jasotakoak).

ECHAk substantziaren arriskuaren sailkapenari buruzko zientzia-irizpen independente bat eman du. Irizpen horrek, baina, ez du aintzat hartzen substantziarekiko esposizioaren probabilitatea, eta, beraz, ez die esposizioaren arriskuei erreferentziarik egiten. Esposizioak dakartzan arriskuak kontuan hartzen dira, esaterako, erabaki behar bada ea glifosatoa plagizida gisa onartu behar den, bat eginez Europako Batasunean produktu fitosanitarioak merkaturatzeko 1107/2009 (EE) Araudiarekin.

Irizpen horren edukia (oraindik ez da ofizialki argitaratu) funtsezkoa da glifosatoa herbizida fitosanitarioak formulatzeko Europako Batasunean onartutako substantzia aktibotzat jotzeko egungo prozesurako.

Ekainaren 30ean amaitu zen 1107/2009 (EE) Araudiari jarraikiz glifosatoa substantzia aktibotzat baimentzeko epea. Batzordeak baimena hamabost urterako berritzea proposatu zuen, baina estatu kideak ez ziren ados jarri, ez proposamena onartzeko, ez baztertzeko.

Hori dela eta, 2016/1056 (EB) Araudiaren bidez, behin-behineko erabaki bat hartu zen: onartzeko epea luzatu egin zen, baldintza jakin batzuekin, ECHAren Arriskuak Ebaluatzeko Batzordearen irizpena jaso eta sei hilabetera arte, edo 2017ko abenduaren 31ra arte, azken egun hori irizpena jaso baino lehenagokoa bada.

Horrenbestez, orain, behin betiko txostena jaso eta sei hilabeteko epean, Batzordeak eta estatu kideek erabaki behar dute glifosatoa plagizidetako substantzia aktibo gisa erabiltzeko baimena berritzen den ala ez.