Elikagaien Segurtasuneko Finlandiako Agentziak (EVIRA) urteak daramatza landareak babesteko substantzia aktiboen ingestak kontsumitzaileen osasunean izan dezakeen arriskua balioesten. Orain arte substantzia horiek banaka balioetsi izan ditu; baina, horrek ez zuen erabateko esposizioaren ikuspegi orokorrik ematen. Oraingo honetan, berriz, EVIRAk metaketa simulatzen duten metodoak erabili ditu, substantzia ugariekiko esposizioa balioesteko. Arriskuen Metaketa Balioztatzeko, elikagaien 10.565 lagin hartu eta horietan 250 landare-osasunerako produkturen hondakinen kontrolak egin dituzte. Eta, azkenik, kontrol horien emaitzetan oinarritu dira. Halaber, aintzat hartu dituzte herritar kalteberak, besteak beste umeak.

Emaitzen arabera, landare-osasunerako produktuekiko esposizio kronikoak ez du inolako arriskurik eragiten; baina umeek eta, neurri txikiagoan, helduek duten esposizio akutuak kezka sorrarazten du, batik bat, Erreferentzia Dosia (RfD) gainditzen duten karbamato eta organofosforatuekiko esposizio akutuak. Finlandian ez dira erabiltzen karbamato eta organofosforatu nagusiak. Hala ere, gaur egungo egoerak ez ditu betetzen babes-mailarako ezarritako helburuak; izan ere, landare-osasunerako produktu horietako gehienak Europako Batasunetik inportatutako frutetan (sagarra) eta barazkietan (espinakak, pepinoak eta lekak) antzeman ziren.

Finlandiako Agentziak ondorioztatu du sakonkiago aztertu behar dela 3 urteko umeen karbamato eta organofosforatuekiko esposizioa. Nolanahi ere, gomendatu du landare-osasunerako produktuekiko esposizioa murriztea, eta, horretarako, fruitu eta barazki mota gehiago kontsumitu behar direla.

Arrisku Metaketa Balioztatzea: landare-osasunerako produktuak Finlandian